Zuen ezkontzako gonbidapenak emateko unea benetan berezia da. Emozioak pil-pilean egoten dira, eta besarkadek eta zorion hitzek alaitasunez beteko dute zuen bihotza.
Hala ere, ez da ahaztu behar gonbidapenek funtzio praktiko garrantzitsu bat ere betetzen dutela: ezkontza antolatzeko funtsezko tresna dira.
Une honetan, ohikoena familiakoei eta lagunei etortzerik izango duten galdetzea da, baina haien presentzia berresteaz gain, garrantzitsua da datu gako batzuk biltzea, esperientzia ahaztezina izan dezaten.
Beraz, ezkontzara gonbidatutako pertsona bakoitzari egiteko 7 galdera gako proposatzen dizkizut jarraian:
01 / Ezkontzara etortzerik izango al duzu?
Egun garrantzitsu hau partekatu nahi duzuen pertsona guztien zerrenda prest duzuenean, gonbidapenak emateko unea iritsiko da. Albistea jasotzeak ekarriko duen pozaz gain, gonbidatu bakoitzak bere agenda berrikusiko du, asistentzia baieztatzeko.
Nortzuk joango diren eta nortzuk ezingo diren bertaratu argi jakitea funtsezkoa da egun handia planifikatzen hasteko. Hori dela eta, baieztapenak jasotzeko epe-muga bat ezartzea gomendatzen dizut.
02 / Bikote edota senideren batekin etorriko al zara?
Gonbidatu bakoitzak zenbat kide eramango dituen jakiteak parte-hartzaile kopurua kalkulatzea ahalbidetuko dizue, ekitaldiaren logistika kudeatzeko funtsezko datua: lekuaren edukiera, eserleku kopurua edo janari kopurua, besteak beste.
Era berean, bikote edo senide hauen izenak ezagutzeak seating planean eta eserleku- markatzaileetan (jartzea erabakitzen baduzue) behar bezala aipatzea erraztuko du, hanka sartzeak saihestuz.
03 / Kontutan izateko elikadura-murrizketarik?
Ospakizunean zehar janaria eta edaria eskaini behar baduzue (koktel bat, bankete bat edo biak), funtsezkoa da alergiei, intolerantziei edo dieta bereziei buruzko informazioa biltzea. Horrela, ezkontzara joaten diren pertsona guztien osasuna eta gozamena bermatu ahal izango duzue.
Datu horiek jatetxearekin edo catering zerbitzuarekin aurrerapenez partekatzeak menuak egokitzeko eta ezustekoak saihesteko aukera emango du.
04 / Kontutan izateko behar berezirik?
Gonbidatutako pertsonen behar bereziak identifikatzeak —irisgarritasuna, mediku-eskakizunak edo kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk— ekitaldi osoan haien ongizatea eta erosotasuna ziurtatzen lagunduko dizue.
Gainera, informazio hori oso baliagarria izango da hornitzaileentzat, aldez aurretik behar diren doikuntzak egin ahal izango baitituzte jende guztiak eguna baldintza berdinetan goza dezan.
05 / Autobus zerbitzua erabiliko al duzu?
Autobus bidezko joan-etorriak eskaintzea aurreikusten baduzue, komenigarria da zerbitzu hori zenbat lagunek erabiliko duten jakitea. Hala, behar den ibilgailu-kopurua kalkulatu ahal izango duzue, baita geraleku egokienak zehaztu ere.
Datu horiek edukitzeak ibilbidea, ordutegiak eta aurrekontu osoa kalkulatzeko aukera emango dio garraio enpresari.
06 / Harreman zailak
Gonbidatuen arteko harremanak eta dinamikak ulertzea lagungarria izan daiteke ospakizunean une deserosoak saihesteko.
Ez dago pertsona bakoitzari galdetu beharrik, baina gatazkatsua izan daitekeen harremanen bat ezagutzen baduzu, gogoan izan mahaiak antolatzerako orduan, adibidez.
07 / Oharrak
Amaitzeko, galdera ireki bat egin dezakezue, norbaitek iradokizunen bat egin nahi badizue edo aurreikusi ez duzuen informazio osagarria partekatu nahi badizue, aukera izateko.
Horrela, gonbidatuei esperientzia onena eskaintzeko edozein xehetasun gehigarri kontuan hartu ahal izango duzue.
Psst! Aholku gehigarri bat:
Idatzi erantzun guztiak leku berean, informazioa beti eskura izateko. Koaderno bat erabil dezakezuen arren, askoz ere praktikoagoa da excel batean egitea. Horrela, datuak erraz bildu eta ekitaldiko hornitzaileekin partekatu ahal izango dituzue.
Izan ere, ezkontza antolatzea askoz errazagoa izango da tresna egokiak baldin badituzue. Horregatik, zazpi galdera gako hauek biltzen dituen doako excel bat prestatu dut, informazio guztia modu argi eta ordenatuan gordetzen lagunduko dizuena.
Jarraian deskargatu dezakezu:

Deskargatu Doako Excela
Gonbidatuen erantzunak modu erraz eta ordenatuan jasotzeko dokumentu editagarria.
Eskuratu 7 galdera gakoak dituen Excel editagarria, informazio garrantzitsuena bildu eta xehetasun guztiak kontrolpean izanez, ezkontzaren prestaketa ilusioz eta lasaitasunez bizitzeko. Harpidetzean, etapa honetaz kezkarik gabe gozatzeko ideiak eta aholkuak ere jasoko dituzu.

